Kantua

Michel Paillot Argaño, kantuaz arduratzen zen kidea zendu da martxoak 21 hontan. Bere elizkizunak martxoaren 27an iraganen dira 10etan Donibaneko elizan. Kantuko eta Begiko kideok “Loretxoa” kanta eta aurresku batekin agurutko dugu gure adiskidea.


Noiz? Hilabeteko 3. ostegunez 19:00etan


1991 urtean sortu zen, tailerrean ostegun gauetan ehun bat lagun biltzen dira. Helburua euskal kantak ikastea edo berrikustea da eta “la, la, la” horietarik urruntzea.

Hogeita hamar urte hauetan, 300 bat abesti ikasi eta abestu ditugu, eta urtero dozena bat gehitzen baditugu ere, azken urteetako errepertorioan dauden guziak abestu ditugu.

Ordu t’erdiz kantu ondoren, elkarteko sukaldean, baso baten inguruan praktikatzen dugu.


Gure data garrantzitsuak:

SANTA AGEDA edo AGATE DEUNA

Euskal tradizio zahar hau otsailaren 4aren inguruko aste bukaeran, ostiralez edo larunbatez, ospatzen dugu Donibane Lohizunen. Iduriz neguko errito zaharra da, eta makilez lurra joz, lo den ama-lurra esnatu nahi du. Mendeetan barna aldatuz joan da, eta Siziliako Agate Deuna edo Santa Ageda izeneko birjin martiri baten omenez ospatzen da gaur.

Begiraleak elkarteak aipatu datetan, bere taldea ateratzen du karrikaz karrika eta plazaz plaza. Badira Euskal Herri osoan abesten diren kantuak eta baita gure-gureak bakarrik ditugunak. Egun horretan kantatzen ateratzeko aitzineko asteetan hainbat entsegu egiten dira elkartean.

OLENTZERO

Urtero, abenduaren 24an, Begiraleak elkarteak Olentzero eguna ospatzen du eta begirale taldi handi bat karrikaz karrika eta plazaz plaza kantatzen ateratzen da. Goizean hainbat tokitan kantatzen du, jendea poztuz eta animatuz. Aipatzekoa da bezperan, zahar etxetatik ere pasatzen garela. Besta hau zahar-zaharra dugu Euskal Herrian, eta horren bidez neguko solstizioa oroitzen dugu.

Gure Olentzerok baditu hainbat ezaugarri berezi, horietako batzuk, gurean bakar-bakarrik abesten diren hainbat kantu. Egun horretan kantatzen ateratzeko aitzineko asteetan hainbat entsegu egiten dira elkartean.

DONIBANE KANTUZ

Ikasitako kantuak praktikan ezartzeko parada da. Urtea zabaltzen duen lehen Donibane Kantuz irailean Louis XIV. plazan egiten da eta urteko azkena Donibaneko festen igandean, ekainean. Abestien hitzen orriak banatzen dira.



Gure leloa: Gu Gira Begiraleak

Hitzak: Xabier “Abitxu” Soubelet
Musika: Xabier “Abitxu” Soubelet  

Gu gira Begiraleak
Egiazko donibandarrak
Kantuaren maitaleak
Denak biharko eskualdunak
Lapurdiko herri huntatik
Kantua dator bizirik
Abesten guk bihotzetik
Ez da talde goxoagoarik

Gureak ohidura zaharrak
Hori dio gure izenak
Gu gira Begiraleak
Gora, gora eskualdunak

Gu gira Begiraleak
Mutxikoaren zaintzaleak
Dantzari trebe eta arinak
Urrats ederren emaileak
Euskadin denak dantzari
Gu lohintzundarrak gidari
Gurekin batean Lapurdi
Bihotzetik dantzan ari